Osteguna 16tik aurrera eta 19a arte Larrabasterrako jaiak martxan jarriko dira. Urtero legez, Tabernariek, Txosnek eta herriko zein kanpoko bisitariek giro alaiari ongi etorri emango diote.

Aurten Udalak prestatu duen egitarauan umeentzako jolasak, batukada, Marmitako Txapelketa Urkon eta kale antzerkia topa ditzakegu. Aipamen berezia merezi du GATIBU taldeak, larunbata 18an gaueko 23etan eskainiko duen kontzertua.

Azken momentu arte barraken inguruan polemika egon da. Feriante eta Udal Gobernuaren artean liskarra suertatu da eta barraken presentzia kolokan egon da. Dirudienez, azken unean akordio lortu dute eta aurten ere Larrabasterrako jaietan barraken giroarekin txikiek eta handiek gozatu ahal izango dugu. Gogoratu behar dugu San Pedroetan urteak direla barrakak desagertu direla. Aurten ere Udal Gobernuaren erabaki baten ondorioz Plazan inguruan ipintzen ziren txiringitoak ez dira egon.

Bestaldetik, Txosnen Batzordeak hainbat ekimen prestatu ditu. Haien artean koadrilen txapelketak eta mozorro eguna aipagarrienak dira.

Larrabasterrako jaien baitan ere, Sopelako Preso Politikoen Aldeko mugimenduak, hainbat ekimen prestatu ditu errepresialatu Sopeloztarrak jaietan ere gogoan edukitzeko. Larunbata 18an gaueko 24etatik aurrera, txosnetatik abiatuta, kalejira egingo dute eta Igandea 19an goizeko 11etatik aurrera Urkon tortila txapelketa eta presoen omenezko herri bazkaria ospatuko dute.

Ondo pasa Larrabasterrako jaiak!

24 Ikustaldiak
Partekatu: