Euskaltzaindiaren irizpena:

Euskaldunek mendez mende erabilitako izena eta egun erabiltzen dena, bai herrian bertan baita ingurukoetan ere, Euskaltzaindiak aspaldian hobetsi zuena Sopela da, Sopelanatik euskal fonetikaren legeei jarraituz eratorria, euskaraz, bai toponimian baita hiztegi arruntean ere, bokalen arteko n erori edo desagertu baitzen, Koldo Mitxelenaren Fonética Histórica Vasca liburuan ongi azaltzen den moduan. Bokalen desagertze hau ez da soilik leku izenetan gertatu hitz arruntetan ere bai, berba hauek euskal hitz jatorrak edo beste hizkuntzetatik hartutakoak diren kontuan hartu barik.

Toponimoetan, eta herri izenei mugatuz, nahiz eta joera hau leku izen guztiekin gertatu, besteak beste hauek ditugu: Galdakao (Galdacano), Lemoa (Lemona), Aramaio (Aramayona), Lazkao (Lazcano), Zestoa (Cestona), Arroa (Arrona), Miñao (Miñano), Dorrao (Torrano), Zolia (Zolina)…Berba arruntetan ere suma daiteke aldaketa hau eta gaur egun ardaua edo ardoa eta gazta esan arren ardandegi, ardantza, gaztanbera eta gaztanur esaten da, aintzinean n zegoela eta hitzak *ardano eta *gaztana zirela  adieraziz.Esan bezala maileguetan (beste hizkuntzatatik hartutako berbak) ere ikus dezakegu jarrera hau, eta adibide batzuk baino ez aipatzearren latinetik aintzinatik hartutako hitz hauek ditugu: katea, area, koroa, ohore, balkoi,… gaztelaniaz oraingoz jatorrizko n daukatenak: cadena, arena, corona, honor, balcon,…

Euskaltzaindiak ez zituen hizkuntz osoari ez zegozkion tokian tokiko aldaketa fonetikoak onetsi herri izenak emateko, eta ondorioz ez zituen Zestua, Lemoize edo Arguia, onartu Zestoa, Lemoiz eta Arrigorriaga baizik, bai ordea euskara osoaren legeen arabera eratuak dauden izenak.

Kontsonanten erorketa hau ez da ostera, kasu guztietan gauzatzen, ez da, esaterako, atzizkietan egiten: Perurena, Osabene,.. ezta egun -n- izanda ere atzinako -nn- (n geminatua) zenean ere, bai beste hizkuntzatik hartutako hitzetan: anhue edo Joan/Doniane; baita euskal hitz jatorretan ere: anaia, unai, ene, arrano, etab.

Gogoratu behar aitzinean bai euskarak bai latinak grafikoki irudikatutako -nn- soinua zutela.

Beraz, Sopela da egun ofiziala den Sopelana herriko euskal izen jatorra eta hau bere deklinabidea: Sopelako, Sopelatik, Sopelan, Sopelako eta Sopelara. Bestalde gentilizioa sopelaztar da.

Amaitzeko gogoratu behar da Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen 10. artikuluaren arabera, toki izenen jatorrizko idazkerari men egingo zaiola, izenok oso desberdinak ez direnean salbu, Vitoria/Gasteiz, Arrasate/Mondragon esaterako.

Bilbo, 1997ko urtarrilaren 28anMikel Gorrotxategi Nieto, Onomastika batzordearen idazkaria

Geroago, Euskaltzindiak 2005ean erabakitako Bizkaiko Herri Izendegia ofizialean, Sopela izena mantetzen du   Sopela / Sopelana.

Xabier Kintanak, Euskaltzainak argitaratutako artikulua:

Sopela da herriaren euskal izena, eta ez Sopelana.

Bada euskaraz esaera zahar bat, “zital zirola, nok gudura haroa” dioena, hau da, ‘zapatari zitala, nork harama gerrara?’, eta erdarazko “zapatero a tus zapatos” bezala, ez dakigunaz hobe dela berbarik ez egitea, edota, ulertzen ez ditugun gauzetan zuhurrena muturra ez sartzea gomendatzen digu.

Eta hori ikasi beharko genuke guztiok, esaterako, Sopela-Sopelana arazoaz arinkeriak lau haizeetara aldarrikatu baino lehen. Euskal filologiaren lehen pausoak egin dituen edozeinek ondo dakienez, bada euskaraz lege fonetiko orokor bat, eskuarki Bizkaitik Zuberoaraino berba askotan agertzen zaiguna: bokal arteko n fonemaren galtzea.

Izan ere, Mitxelenak ondo frogatu zuen bezala, euskara zaharreko bokal arteko n ahulak gaurko euskaran h moduan aspiratu edota galdu egin dira. Etsenplu asko aurki daitezke bai eguneroko hitz arruntetan eta bai toponimo edo leku-izenetan ere. Hona hemen batzuk: latinezko (h)onore(m) > euskaraz ohore, lat. ballaena > eusk. balea, lat. catena > eusk. katea, lat. corona > eusk. koroa, lat. arena > harea; lat. campana > kanpaa > kanpaea > kanpaia, limone > limoe > limoi, eta lege hori gaurko arrazoi, bidoi, frontoi, kamioi, xaboi moduko hitz arruntetan ere betetzen segitzen da.

Gauza bera gertatzen da galego-portugesez ere: luna>lua, mano> mâo, Lisbona>Lisboa.Era berean, herri-izenetan ere adibideak hatzak betean konta ditzakegu, eta, Bizkaitik irten gabe, hortxe daude behialako Lejona, Galdacano, Lemona, Fruniz, Lemoniz, Lauquiniz ezagunak, gaur euskaraz, hurrenez hurren, Leioa, Galdakao, Lemoa, Fruiz, Lemoiz eta Laukiz itxuran ofizialki jarriak, bertako jende euskaldunak esaten dituen moduan. Gipuzkoan ere ez dira honetarikoak falta: Lazcano, Cestona edo Oiquina, adibidez, euskaraz Lazkao, Zestoa eta Oikia direnak, eta berdin aipa genitzake Arabako, Nafarroako edota Iparraldeko etsenplu ugari ere.

Arrazoi hauengatik guztiongatik, Euskaltzaindiak bere egunean udalerrien izendegia prestatzean, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean eta bertako jende euskaldunaren esateko modua gogoan, orain arte erdaraz Sopelana deitu den herriaren euskal izena SOPELA dela adierazi zuen, sopeloztarrek beren herriaren izena zuzen nola euskaratu jakin zezaten.

Guztioi sinesgaitza egingo litzaiguke, esaterako, Real Academia Españolak Guadalajarako herrixka baten izenaz antzeko diktamena eman ondoren, bertako alkate iluminatuak bere kontutik, Akademiakoak ezertxo ere ez dakiten ganorabako batzuk direlakoan, kasurik egin ez eta, bere kontutik, beste edozer gauza erabakitzea… bertan agintzen duena bera dela erakustearren.

Tamalez, horixe da Sopelako lehen agintariak erakutsi berri diguna, nik dakidala behintzat, euskaraz alfabetaturik egon ez arren, berak Euskararen Akademiak baino gehiago dakielakoan. Harrigarria bada ere, orain urte batzuk antzeko zerbait gertatu zen Galizian. Han Xuntak, Academia Galegaren aholkularitza izanda gero, lehenagoko La Coruña hiriaren galezgozko izena A Coruña zela erabaki ondoren, bertako alkate sozialistak, ordea, ezetz eta ezetz, berak ez zuela erdal izena aldatuko. Eta Fragak tribunaletara eraman behar izan zuen, legea bete zezan, bai eta auzia irabazi eta izena aldarazi ere, alkate haren antigalegismoa eta harrokeria barregarri utzita.

Ironikoa da gurean, Uribe Kostan, Sopelana espainol izena mantentzen ahalegintzen direnak itxurazko abertzaleak izatea, hain zuzen. Barregarria izango litzateke, berenez euskarari normalean aparteko maitasunik erakusten ez dioten arren, erdararen aldeko abertzale horiek irrigarri utzi eta horien kontra egitearren, nortzuk eta Iturgaitzen alderdikoak izatea Sopela euskal izenaren alde agertu beharko dutenak. Baina tira! Edozein alkate filologia infusoaz jantzirik agertzen zaigun herri xelebre honetan hamaika ikusteko jaioak gara.

123 Ikustaldiak
Partekatu: