Aste on

Munstro bat jarri digute mendian

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Azteazkena, 30 Azaroa 2016 Argitaratua: Azteazkena, 30 Azaroa 2016

Horrela, egun batetik bestera, bat-batean, munstro bat arri digute mendian. Grisa, iluna, hotza. Beldurgarria. Ipuinetako munstroak baino askoz beldurgarriagoa. Porlana, lurraren ordez. Ustezko garapena, naturaren ordez. Mendia desagertu da, eta munstroa daukagu orain. Ondo etorri, Berangoko, Uribe Kostako, Megapark. Herria zurea da. Egin gurekin nahi duzuna.

Eta gu munstroari so, amorruz. Haserre, triste, sutan. Eta munstroa guri so, harrotasunez, irmo, gure aurpegira barrez. Eta gu harri bat, hiru, zazpi harri, botatzeko gogoz. Baina munstroa, lasai: "Zuen harriak kili-kiliak baino ez dira niretzat". Eta gu, are beroago, munstroari su emateko gogoz. Munstroa oraindino, lasai: "Alferrik ari zarete, ez naiz hemendik mugituko".

Ez ei dago modurik munstroa botatzeko. Jarrita dago jada. Gurean bizi da. Eta mendia, txikituta. Eta gu, umiliatuta. Lur jota. Eta munstroa gero eta handiago. Gero eta harroago. "Guk ez dugu munstroa zapalduko", diogu serio. Boikota egingo diogu. "Etorriko zarete", diosku munstroak, seguru. "Merkeagoa naiz, erosoagoa, erakargarriagoa", diño konfiantzaz. "Are gehiago, curriculumak botatzera ere etorriko zarete", barre-algaraka.

Baina munstroak ez dira kasualidadez agertu. Erakarri dituzte. Ekarri dizkigute. Munstro batzuen diru-goseak itsututa. PNVren politikak bultzatuta. Eta uzten badiegu, munstroz josiko digute eskualdea, gu denok irentsi arte.

Antola gaitezen munstroaren kontra. Jarrita egongo da mendian, bai. Ia ezinezkoa izango da hura gelditzea, seguruenik. Baina munstroa borrokatzen dugun bitartean ez gara munstro bihurtuko. Eta oso zaila izango da gu irenstea.

Add a comment
0
0
0
s2smodern
powered by social2s

Kontsumo taldeak hamendik eta kontsumo taldeak handik

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Astelehena, 21 Azaroa 2016 Argitaratua: Astelehena, 21 Azaroa 2016

 

Eta zer dira? Gehienok badakizue erantzun laburra: baserriko elikagaiak ekoizle eta jaleen artean artez salerostea. Baina erantzun luzeagoa ere badago.

Lotzen zaigun lur-natura dagoen moduan mantendu ahal izateko eta elikatzeko onena, bertokoa, sasoikoa eta pozoirik bako jakia dala gehiengo batek daki honezkero. Elikagaien mundua kontrolatzen dauren multinazional handiek, nahi txikerrek bere jakitun. Hori dala eta, geroz eta propaganda gehiago zabaltzen daure euren eredua horixe dala emoteko. Egiz, justu kontrakoa izan arren.

Gaur, ezkerrekoen artean elikagaien subirautza baztertu ezineko kontzeptua ei da. Baina hori bere zer dogu ba?. Dan lekuan (auzoa, herria, eskualdea, herrialdea, nazioa...) dagoen lurretik jaten dan janari gehiena lortzea langileen eskutik. Idealena?: janari guztia lortzea.

Bide horretan, besteetan bezala, klabea antolatzen hastea da, taldetzea, jaleak eta ekoizleak, denbora eman pentsatzeko zer jan gure dogun eta zelan geure interesak defendidu.

Elikagaien subirautzaren alde gagozela diñogu baina...Zelan eroango dogu hori praktikara? Zelan lortu jaten dogun gehiena Sopela/Urine Kosta ingurutik ateratzea? Ze bide egin behar da herri bazkari-afaritan, herriko txosnetan, tabernetan? Ze lurretan? Ze nekazari? Nork esan dau erreza izango zala?

Gaur, ia osotara, multinazionalek elikatzen gaituzte, eurek agintzen daure horretan bere. Guk osten, jendearen, lurraren, behekoen, langileen, baserritarren boterea nahi dugu...ez ala?

Ba kontsumo taldeek aukera eskaintzen dute arlo honetan pausutxuak emoten joateko. Lurra lantzen bizi gure dauren langileak aukera bat izateko eta osasuntsuago eta koherenteago elikatu gure direnek horretarako aukera izateko; nekazari txiki eta gazteek nahi kontsumitzaileak ere aurrera egiteko eta antolatzeko aukera bat.

Zer aportazino da garrantzitsuena une honetan? Harreman zuzen hori berreskuratzea, multinazionaletatik elikatzeko dugun inertziagaz apurtu eta ondoan daukazun kontsumo taldearengana jo, batu, pentsatu, ekin. Antolatuta dagoen herriak edozer lor dezake. Antolatuta ez dagoena eginik emango dotsee, zapaltzaileek gure dauren modura.

Beste hainbeste gauzetan moduan, praktika behar da. Filosopia baino oilo sopia hoba dalako!

Non da noz lotuko garela hasteko?

Add a comment
0
0
0
s2smodern

ZUZIA

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Azteazkena, 09 Azaroa 2016 Argitaratua: Azteazkena, 09 Azaroa 2016

Argi txiki bat amata da Sopelan. Zuzi txikiaren amatatzeak, egia esan ez dauka berez leba handiegirik. Ez gara zuzi-adoratzaileak.  Ordea, zuziaren garra txikiak aldamenean sortzen zuen argitasunean dago koska.

Argitasuna da euskarak behar duena. Zuzi sinbolikoak ondo daude, beharrezkoak dira, baina euskarak beharrezkoen duena, hemen eta orain, ondo antolatutako eta pentsatutako elektrika sare bat da. Ikastola-ikastetxea-euskaltegiak-kaleak-udala-etxeak-dendak-tabernak-anbulategiak, eta baita Urko bezalako erdal zuloak, argituko dituen elektrika sare bat.

Pasadan urrian zuzi txiki bat amata zen Sopelan, Aitxu Euskara Taldeak amaitu zuen bere ibilbidea. Emandako urrats batzuk txikiak izan dira, beste batzuk handiak, eta oztopo eta muga gaindiezinak nabarmenak ere, ez dira falta izan. 

Gaindiezinak esan dut? Baina ba ote da munduan gainditu ezin den hesirik? Borondate eta antolakuntza egokia denean, ez dut uste.

Bide berriak zabaltzeko ordua dugu.

Add a comment
0
0
0
s2smodern

Etxeko tresna adimenduak

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Osteguna, 03 Azaroa 2016 Argitaratua: Osteguna, 03 Azaroa 2016

 

Orain dela bi aste interneten egondako eraso informatiko larriena gertatu zen, Spotify, Twitter eta PayPal bezalako enpresa famatuen zerbitzua geldiaraziz. Gertakari hau DDoS (Distributed Denial of Service) eraso baten ondorioa izan zen. Gai teknikoetan sartu gabe, zerbitzariaren gain egindako eskaera kopuru handiaren ondorioz, honek pairatutako etenaldian datza zerbitzu ukapenaren erasoa. 

Analistek esan dutenaren arabera,  Internetera konektatuta dauden etxeko tresna infektatuak izan dira eraso honen errudun. Honek galdera sorta ederra dakarkit burura: seguruak ahal dira gure etxeko tresnak? Zer jakin dezakete teknologi enpresa famatuek gure bizitzaz? zentzurik ahal du, horrelako tresnarik edukitzea?

Oso urrun sumatzen ditugu zientzia fikziozko pelikuletan ikusitako etxe demotiko eta inteligente horiek, baina nahiz eta puntu horretaraino ez iritsi, jada Internetera konektatutako tresna ugari ezagutzen ditugu:telebistak, erlojuak, kotxeak... Azken hauekin bereziki segurtasun arazo larriak sortzen ari dira, erraz hackeatu eta kotxearen kontrola lortu daitekeelako, bidaiarien segurtasuna arriskuan jarriz. Gaur egun, mota honetako tresna gehienak segurtasun ahultasun larriak dituzte, pertsonen osasuna ere kaltetu dezaketenak.

Ez hori bakarrik, tresna horiekin edukitako elkarrekintzetan informazio asko sortu, lortu eta bidaltzen da, tresna horien kudeatzaileak diren enpresen zerbitzarietara. Mota ezberdineko informazioa monitorizatu egiten da baliabide hauen bitartez, adibiderako, kokapen geografikoa, bihotz taupadak, interneten egindako bilaketak eta abar luzea. Askotan gure onerako egindako prozesu bat dala diote, gure esperientzia erosoagoa bihurtzeko asmoarekin. Argi dagoena da, informazio hori gure kontsumo eta bizimodua ezagutzeko erabiliak izango direla eta horri esker, interes ekonomikoak lortuko dituztela.

Beraz, zentzurik ahal du, horrelako tresnarik erostea? Beharrezkoak dira? Orduan, jendeak zergatik jarraitzen du produktu hauek kontsumitzen? Behar bada gaur egungo kontsumo ereduagatik. Erosotasuna saldu nahi digute, botoi bat sakatuz gure bizitza osoa kudeatzeko gai diren tresnak eskainiz. Gainera, askotan erosotasun maila egoera ulertezin bateraino heltzen da, hozkailuen kasuan bezala, erosketak noiz egin behar dituzun abisatzean, hori jakiteko hozkailua irekitzearekin nahikoa denean. Berdin gertatzen da wifi estaldurarekin. Oxigenoa baino garrantzitsuagoa dirudien wifi estaldura mantentzea ahalbidetzen duten kotxeak badaude, segurtasun ahultasunez beteak.

Azken finean kontsumo eredua eta merkatuak dira produkzioaren agintari eta interes ekonomikoak, horien erregai. Kontsumitzailearen interesak bigarren plano batean geratzen dira, nahita gainera, badakitelako oso goiz dala gailu horien segurtasuna bermatzeko, ikuspuntu tekniko batetik begira. Baina produktu hauen diru iturri nagusiena, egunero egiten dituzten informazio jasotzeak dira, datu horiek tratatu eta beraien negozio estrategiaren barnean txertatzen dituzte. Egia da erosotasuna eskaintzen digutela, baina zein da, guk erabiltzaileok, ordaindu beharreko kaltea?

 

 

 

 

Add a comment
0
0
0
s2smodern

Euskara, genero sistematik-at?

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Asteartea, 18 Urria 2016 Argitaratua: Azteazkena, 19 Urria 2016

 

Hizkuntza ura bezala mugikorra da, forma ezberdinak hartzen ditu dagoen lekuaren arabera.

Hara, “ alua” hitza izan daiteke tabernan irain, edo  benetako laudorio lirain. Ura indartsua da, mugi ditzake harriak eta hizkuntzak ere herriak. Ura bezala, hizkuntza gugan badago, %70ean ur izanik gure ideologiaren  % zenbat ote dago darabilgun hizkuntzaz kutsaturik?

Euskerak erakusten digu, gure lurra ere ez dela izan (eta ez dela) jendarte patriarkalen erdian oasi. Darabilgun hizkuntzan ez baita inondik parekidetasun (eta are gutxiago matriarkatuaren ideia mitologiko-fantastiko horren) usainik nabari eta badario ordea, matxismo kiratsa sarri. Ados, arraindegian inklusiboago dugu “zu zara azkena? ” galdetzea “ tu eres el ultimo?” beharrean, eta bide batez, ez dugu aurreko horren generoa erabakitzeko estresa eta izerdi hotzak pasatu beharrik. Abantaila bat izan daiteke, batzutan, baina esan dezadan, egunero “Hola chicos!” entzuteaz, nekatuta baino, ni gehiago nagoen “cansadA”.

Nire amamak inoiz ez zuen “txapela buruan” eraman eta ondorioz ez zen “ibili munduan” baserrian indabak biltzen eta bendeja saltzen geratu behar izan zan. Bere lobak, harek bai mundua ikusi, marinela da eta. Gaur zeharkatuko du Peru eta bihar Indotxina, baina ez da itsasgizona, bere izena Joana baita. Deitzea itsasandrea, itsaslangilea edo barkuko enplegatua bada aukera bat eta oraindik oso arraroa. Joanak badu auzokide bat, berau iturgina. Eta nik esan gabe ere, irakurle,zuk agian pentsatuko zenuen iturgin hori litekeela Pedro, Aitor edo Juan mari eta ziurrenik ez Mirari. Bere senarra jostuna da, eta berak ere ia-extralurtarra dela badaki, baina ez dute sekula jostuno edo jostunso deituko, eta lanbidez aldatuta ere, ez da garbitzaileso izango. Nire herrian ordea, izan da alkate bat eta alkatesa esan zaio sarri.

Domeka honetan, irakurketa- solasaldiko saioan gure berbez aritu ginen, zitara hurbildutako “gizaseme” eta... “gizaalabak”?? Balioak aldatzeko tresna, ahoan dugun horren inguruan. Gizartea jendarte den artean zirikatu daitezkeelako aldamenekoen burmuinak hizkuntzaz. Gaurkoagatik, Espainolez dabiltzanengandik ikas dezagun, 2015ean lortu baizuten duina eta ofiziala izatea “culamen”a lehortzea “toballaz”. Azken batean, ahizpatasun apur bat jar dezagun,  anaitasuna bandera dugun herri hontan. Adibidez, “pototaraino” egoten has gaitezke eta irainak aldatzen soilik euskal herrian badugun dexente lan. Edozelan ere, mesedez, ez dezagun jarraitu aldamenekoak kritikatzen eta bitartean “potrojorran”.

Add a comment
0
0
0
s2smodern
  • ¿Sopelana o Sopela?

    En torno al debate sobre la denominación de nuestro pueblo venimos a aportar un par de documentos interesantes: uno es lel propio dictamen de Euskaltzaindia al respecto y otro, la aportación de Xabier

    Gehiago irakurri...
  • Sopela.net

    “Sopela.net” ekimen xumea da, baina helburu argia du: Sopelaz informatu, Sopelaz hausnartu, Sopelako herriari zerbitzua eman eta sopeloztarroi lekutxo bat eskaini haien artikuluak, iritziak eta ekarpenak plazara ditzagun.

    Gehiago irakurri...
  • Datu batzuk

    Sopela (honelaxe esaten diogu euskaldunok gure herriari, eta honelaxe onartzen du Euskaltzaindiak) Euskal Herria osatzen duen zazpi lurraldeetariko batean kokatzen da, Bizkaian hain zuzen ere.

    Gehiago irakurri...