Organikoaren edukiontzia, gogoan zaitugu

Kategoria gurasoa: Sopela Kategoria: Ama Lurra Noiz sortua: Osteguna, 29 Urria 2015 Argitaratua: Osteguna, 29 Urria 2015

edukiontziakHiruka Uribe Kostako astekarian ondorengo iritzi artikulua argitaratu du Unai Brea kazetariak

 

 

 

Uztail erdian hainbat hondakin-edukiontzi erre zuten Sopelan. Gaiak ez zuen oihartzun handirik izan, ez zen adierazpen instituzional arranditsurik egin, alarma sozialik ez zen piztu. Euskal Herrian ondo ezagun dugu ekintza baten larritasuna ez dela ekintzagatik beragatik neurtzen, motibazioagatik baizik.

Zutabe honen helburua ez da, hala ere, askatasunaren alde edukiontzi bat erretzeari terrorismo esaten dion eta besterik gabe izorratzeagatik –edo auskalo zergatik– edukiontzi bera erretzeaz txintik esaten ez duen sistema baten kode moral higuingarriak salatzea. Zutabe honen helburua askoz prosaikoagoa da: hiru hilabete eta gero, oraindik, gure etxe azpian hondakin organikoetarako edukiontzirik gabe gaudela gogorarazi besterik ez nuke nahi.

Hala ere, eta dena kritika eta purrustada izan ez dadin, aurrera jarraitu baino lehen eskerrak eman nahi nizkieke gure erakundeei, udako piromano –baina ez terrorista– haren erasoaldiaren ondorioz auzunean izandako beste biktima, plastikoen edukiontzi beilegia, atzera ipintzeagatik. Erre eta bi hilabetera.

Orain, organikoarena berreskuratzea besterik ez zaigu falta. Horrela, ez ditut poltsak kalean utzi beharko, azken hiru hilabeteetan egin izan dudan bezala. Gaur jakin dudanez, udalari dagokio falta den edukiontzia eskatzea, eta aldundiari ematea. Erakunde biak daudenez EAJren esku, eta jeltzaleak Zabalgarbi errauskailuan oinarritutako hondakin-kudeaketa ereduaren defendatzaile sutsuak –barkatu, adoretsuak– direnez, eta hondakin organikoak behar bezala biltzeak Zabalgarbiri bere bazkaren oso portzentaje handia kenduko liokeenez… susmo txarrak edukitzen hasi beharko nintzateke?

Bisitak: 1439
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu