Opioa? Eta zer gehiago?

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Artikuluak Noiz sortua: Astelehena, 28 Maiatza 2012 Argitaratua: Astelehena, 28 Maiatza 2012
iribar ikurrina

Azken egun hauetan Athleticek jokatu dituen finalak direla eta gure herrian izugarrizko mobilizazioa gertatu da. Horren aurrean jende askok bere nekea eta analisi politikoa bota du egoera sozial honen aurrean oso jarrera kritikoa edota kontrakoa agertuz. Futbola gaur egun "herriaren opio" berria dela askoren ahoan entzun dugu eta ziur aski ez dute arrazoi faltarik izango hori esateko.

Baina gaur ekartzen dizuegun artikuluan, I. Larreak, ZUZEU ALBISTARI DIGITALEAN argitaratu duen artikuluan aipatutako kritika horrekin batera bestelako gogoeta egin du. Hona hemen artikulua.

Opioa? Eta zer gehiago?

Onartu beharra daukat garai batean nik ere bizkar gainetik begiratzen nituela nire auzoko futbolzaleak, eta aitortzen dut gaur egun aje hori ez daukadala erabat gaindituta.

Ulertezina egiten zitzaidan gure artean zapalketa eta bidegabekeriak nagusi diren bitartean gure herriko gehiengoa  erromatarren garaitik datorren “Panem et circenses”  gobernuen estrategian hain errez eta pozik erortzea. Mundua sutan, boteretsuen ankerkeria eta sarraskiak nonahi, bizitza baldintzak gero eta kaskarragoak…. eta hala ere gure aberkideek nahiago dute beren atxikimendua  gladiadore aberats batzuei adierazi eta ezinegona arean dagoen beste gladiadore talde baten kontra asaskatu.

Eta egungo egoera historikoa eta politikoaren gakoak ezagutzeko omen dagoen ezjakintasuna eta interesik eza, futbolari horien joan etorriak, adierazpenak eta gorabehera pertsonalen ezagupen sakon eta zehatza bilakatzen dira. Izar horien familia berekoak edo haurtzarotik lagun mina izango balira bezala hitz egiten dute askotan futbolzaleek.

Beste aldetik, kontutan hartzen badugu zure ingurukoak baina azkarrago, kultuago eta arduratsuago zarela pentsatzea oso atsegingarria dela ulertu dezakegu hobeto zergatik batzuei hainbeste gustatzen zaigun jarrera elitista intelektualoide hori.

Baina mundu eta herri hau aldarazteko nahia  daukadan aldetik nire teoria borobilean zirrikituak  zeudela hasi nintzen nabaritzen noizbait; herri honen aldarrikapen askatzaileak zabaltzeko erabiltzen da maiz futbola, eta nire inguruan ugari dira jarrera eta konpromiso militante kritikoarekin batera futbol-zaletasuna daukatenak. Gogoratu baino ez dugu egin behar joandako maiatzak 25 Madrilen jokatutako finalean Espainiako ereserkiak eta monarkiak jasotako zaplaztekoa.

Eta deigarria egiten zitzaidan ere mundu mailan ezkerreko gobernu batzuek, Bolivia edota Venezuelakoek esaterako, hango prozesu askatzaileak indartzeko futbolak herrian daukan jarraipena erabiltzen zutela ikustea. Edo Hegoafrikan apartheiden ondorioak leuntzeko erabili zutenean; Invictus pelikulan ikusi dezakegun bezala.

Argi dago futbolean, beste kirol-ikuskizunetan bezala, dena ez dela zuri ala beltza, eta askotan, kirol-ikuskizun hauek balio dutela helburu aurrerakoi eta askatzaileen mesederako. Ez, ez naiz Osasuna, Erreala, Athletic edo Alavesen Peña baten kidea egingo, baina askotan lehen aipatu dudan jarrera intelektualoide horrengatik herriaren nahia eta zaletasun horiek eskuma edota eskuin muturren eskuetan utzi ditugula uste dut. Opioa, bai, neurri batean horrela erabiltzen dute, baina beste batzuetan pizgarria bilakatu da, boteretsuen nahien aurka.

Beste kontu bat, agian gakoa, da zergatik futbolak mugitzen dituen masak horrela, zer osagaiak dauzkan sentimenduak eta grinak horrela astintzeko. Talde baten kidea sentitzeko, nortasuna  adierazteko, lehiakorkeriaren irudikapena delako, giro masiboan murgiltzen ondo pasatzen dugulako….. osatu zerrenda.

Bisitak: 3429
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu