Osakidetzako gaixo "terminala"

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Astelehena, 29 Abuztua 2011 Argitaratua: Astelehena, 29 Abuztua 2011

Urtez urte eztabaida bera entzuten dugu behin eta berriz: mediku euskaldunak ala mediku onak, pediatra euskaldunak ala pediatra onak, gaixoen eskubideak, medikurik ez dagoela etab luze bat. Hara! istorio bat kontatuko dizuet 90. hamarkadan hasiera duena.

18 urteko neska bat, UPVko sarreran, ezkerretara medikuntzako fakultatea. Hurbildu eta matrikula egiteko orria eskatzean karrera euskaraz egiteko aukera dagoela ikusten du. Hasierako sorpresa gainditua, izena eman eta lehenengo 3 urteko ikasgaiak banan-banan ikusita, benetan euskaraz ikasi ahal direnak uste baino askoz gutxiago dira; baina ilusioa galdu barik aurrera egin zuen. Urtez urte, geroz eta zailtasun gehiago topatzen zituen berak eta beste hainbat kidek karrera benetan euskaraz burutu ahal izateko.

Ikasleen esfortzua handia izanda, hainbat irakaslerena euskaraz jardun ahal izateko ere, ez zen makala. Baina bai ikasle eta bai zenbait irakasleren lan ikaragarriari esker ikasturteak aurrera zihoazen karrera bukatu arte. Espezialitatearen atarira helduta ordurako euskara nahiko urrun zegoen, ezinezkoa zen euskararekiko inolako  zertzeladarik topatzea; euskara gaixoa Gobiren basamortu erdi-erdian genuen zeharo galduta.

Baina zailtasunak zailtasun, hainbat lagunek karrera bukatu zuten, eta espezialitatea egin ondoren Donostiako konplexuan, Mendaro edo Galdakaoko ospitalean ari dira lanean, lankide euskaldunekin batera. Gezurra badirudi ere, euskeraz bizi, sasi-ikasi, erosi, jaiez disfrutatu, familiaz goxatu eta lan egiteko kapaza den jende ugari badago. Ozen, eta argi eta garbi esan ahal dut  benetan existitzen direla. Osakidetzan ere kolore guztietako langileak ere badaude: grisak, larrosak, urdinak eta zuriak, nahiz eta batzuk behin eta berriz kontrakoa sinestarazi nahi izan. Eta batzuentzat are harrigarriagoa izango dena: haien lana ere ondo egiten dute.

Osakidetzan ez dagoena zera da: euskera aintzat hartzeko indarra eta gogoa, hizkuntz ofiziala izanda aintzakotzat hartu eta  garatuko duten erabaki politikoak… Osasun publiko eta kalitatezkoa nahi dugu, eta norberak nahi duen hizkuntzan komunikatu eta lan egiteko aukera izatea ere kalitatea da.

Badator udazkena eta kontuz ibili beharko dugu gripea bezalako epidemiekin batera pribatizazioarena ere Osakidetzan hedatzen jarraituko duelako, baina kontu hori beste baterako utziko dugun istorioa da.

Bisitak: 1727
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu