Akilino Zalduna

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Ostirala, 08 Uztaila 2011 Argitaratua: Ostirala, 08 Uztaila 2011

Haren izena gaur kaleko izendegian fosila baino ez da. “Aquilino Arriola”, Sopelako aspaldiko kale luze aldapatsua. Stop batean hasi eta semaforo batean bukatzen den kalea (edo alderantziz). Moreaga eta Ugeraga  herriko auzo historikoak lotzen zituen bidea ere bazen  (Ugeraga behean, Moreaga goian,  zaharren egoitzaren bekaldetik datorren estratak banatzen zituen alde biak). Kalearen alde bietara  eliza bat, hamaika banku, eskolak eta parkeak.

 

Baina nor izan zen Aquilino Arriola?. Mediku bat! esan didate. Eta premiazko artikulu hau idaztearren, “Aquilino Arriola”ri buruzko informazioaren bila paperezko entziklopedietara jo dut. Baina ezer ez.  Entziklopedi guztien amarengana jo dut gero, Google-era, baina berriro ere...alperrik.  Horren oparoa uste dugun informazio iturria, horren lehorra sarri. “Vendo Piso en Aquilino Arriola” dozenaka.  Baina gure pertsonaiari  buruz informaziorik ez! .

Eta egunak aurrera doaz. Eta “Sopela aste on” atala bete  behar, norbait urduri ibiliko da seguru. Aquilino Arriola “mediku bat” esan zidanarengana bueltatu naiz berriro. “Nik ez dot esetu baina...”  Eta informazio berriren bat eskaini dit. Bere izeneko kalerik oraindik ez zegoen aspaldiko garaietan, zaldi-gainean  omen zebilen Akilino etxerik etxe.  Ez bere izeneko,  ez inoren izeneko kalerik ez zegoen  garai haietan!.  Orduan burura Jose Antonio Moguel-ek idatzitako liburu ospetsuaren azaleko litografia etorri zait burura. Peru oinez eta Maisu Juan barberua, kapelu eta guzti  zaldiz, aurrez aurre.

Baten batek esango lukeen moduan “Nola aldatzen diren gauzak kamarada”. Egia da. Gauzak aldatuz doaz. Gaur Aquilino Arriola kaletik gora zaldiak kotxeetako motorretan baino ez doaz.

Bisitak: 1964
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu