Euskalduna naiz eta gero eta harroago nago

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Igandea, 17 Apirila 2011 Argitaratua: Igandea, 17 Apirila 2011

Duela gutxi Shangaitik hurrengo mezua jasotzen genuen Sopeloztarrok:

“goizero-goizero ohetik altza ta internetera konektatu egiten naz, Euskal Herrian zer barri egongo”.

Nik ere hilabete batzuk daramatzat jada Irlandan eta egunero, egunero  Euskal Herriaren berri izatearen  nahiak begiak zabaldu eta ohetik jeikitsera behartzen nau.

Askotan, tristura, inpotentzia, gorroto eta amorrua sentitzen ditut. Albisteetara jo eta batzuetan atxiloketak, torturak, errepresioa eta besteetan gezurrak eta irainak irakurtzen ditudanean. Sentimendu hauek ez dira lasaitzen Europan eta munduan zehar Euskal Herrian gertatzen denari  buruz jendeak dakiena ikusten dudanean.

Ni Irlandako hegoalde edo errepublikan bizi naiz eta egia da, Britanikoen eskuetan 800 urtetako okupazio latza pairatu zuen lurralde honetako biztanle gehienek, zeozer badakitela Euskal Herriari buruz. Hala ere, ez dago Espainola ez naizela eztabaidatu behar ez dudan egunik eta  lotsagarria da nola, gehien eztabaidatu eta kontra eramaten saiatzen direnak, hemen dauden Espainolak diren.

Zer aurkitu dut nik errepublika honetan? Hainbeste urtetako erresistentzia zela eta ohiturez, hizkuntzaz, jatorriaz eta kulturaz arduratuta eta harro dagoen gizartea? Ba zoritxarrez eta nire tristurarako horrelako gitxi.

Alkohol eta parrandan oinarritzen den bizitza soziala, “Fast food”tean oinarritutako elikadura. Nesken minigona, takoi eta makillaje mordoa. Mutil eta baita nesken emakumearekiko errespetu falta. Konstituzio oso katolikoa eta inolako eszepziorik gabeko abortuaren aurkako legea. Hori bai, hemengo poliziak ez du armarik eroaten, ez duelako behar, guztiz kontrolatua baitago gizartea.

Ez dut jaso nauen herrialdearekin krudela izan nahi, badagoelako Irlandar kultura, musika, dantza, hizkuntza eta naturaren bizirautea bermatzeko lan egiten duenik ere bai. Iparraldean esaterako, legearen arabera Britanikoen eskuetan jarraitzen duen Irlandako aldean, topatu ditut nik benetako Irlandez gehien. Hegoaldean berriz, bere anai-arrebek iparraldean bizi duten egoerarekiko ardura gutxi.

Baina jasotzen ditudan albisteetara bueltatuz, egon da hona heldu nintzenetik poztu nauen hainbat albiste ere. Ez dut ahaztuko preso eta legalizazioren aldeko manien argazkiak ikusi nituenean sentitu nuena. Gorputzeko hile guztiak tente jarri zitzaizkidan, bihotza taupadaka hasi zitzaidan gogor eta ordenagailuari txaloka nintzaion bihotza burrunbaka nuen bitartean.

Atzo eta gaur jaso ditudan berriekin ere ordenagailuari oihu eta txaloka hasi natzaio.  Aulkitik altxatu eta barriro jesarri naiz. Barre egin dut, gero emozioz malkoak izuri eta azkenean irribarretsu jarri naizelarik ukabilak estututa.

Albiste ezberdinak dira egun hauetan hainbeste poztu nautenak, bata Gatzaren Euskal Herrirako buelta. 31 urte kartzelan eta oindino be, indartsu eta bizirik! Euskaldunen erresistentzia gaitasunaren seinale! Honek izan  duen ongi etorria ere, ez da gutxiagorako izan, gure gizartearen anaitasunaren ikur!

Bestea Sekeko gaztetxeren urteurrenaren arrakasta izan da! Ez soilik gure herriaren, baita ere Euskal Herri osoko gazteriaren bizitasun, gaitasun, amets eta indarraren erakusle!

Eta KORRIKA!! Zer?? Nork esan? Ia Non? Zein beste lekutan ikus daiteke horrelakorik?? Ez bada Euskal Herrian??

Mota honetako albisteekin, berauek transmititzen didaten indarra eta bizitzarekin; distantziatik eta konparaketak ez egitea ezinezkoa zaidan lekutik, ikusi eta ikasteko gai naizen bakarra, aspaldi antzematen nuen zerbait da.

Alde batetik, niri laster bukatuko zaidan nahita hasi nuen bidai honetan, igaro ditudanak ikusita, ezin dudala imajinatu bez zer izan behar den ihes egitera behartuak direnak sentitu eta bizi behar dutena.

Eta bestetik Euskal Herria berezia dala! Eta eskasak direla gurea bezalako herri eta gizarteak munduan zehar topatzeko aukerak! Eta berau mantendu eta defendatzen jarraitzea ezinbestekoa dela!

Askok esaten didate hemen:

-Zu zure jatorriaz oso harro zaude ezta?

Eta nik panorama ikusita, zera erantzuten dut:

-Bai gero eta harroago dagoena!

GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
2011/04/14 IRLANDA

Bisitak: 1857
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu