Lur bigunean, zulo handia

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Igandea, 03 Apirila 2011 Argitaratua: Igandea, 03 Apirila 2011

Asteburu honetan Esaera Zaharren 18. Txapelketa ospatu dugu eta betiko moduan giroa bikaina izan da. Sopela euskalduntzeko beste ekarpen txiki bat egin dugu eta AEK erakundearen antolatzaileei zorionak eman behar dizkiegu. Eguna berezia izan zen eta ekitaldiaz gain, sorpresa paregabea eduki genuen.

Egun aproposena izan zen Gabi lagunaren askatasunaren berri edukitzeko. Ospakizuna berak adiskidetasunari tokia egiteko baldintzak sortzen ditu, emozioetarako, parrandarako, … baina Gabi pegatinatik gure artekora ziztu batean pasatzeko magia eder hori gauzatu izanak guztion artean poztasun deskribaezina piztu zuen.

Astearen hasieran Iontxuren askatasuna ere ezagutu genuen. Beraz, apur bat askeagoak gara nahiz eta gure arteko askatasunik gabekoak ugariak izan. Besarkaden astea izan da eta sartzen garen honetan ere besarkadak, musuak eta agurrak banatzen jarraituko dugu. Iontxu eta Gabiren lagunak ugariak dira eta asteburu bat ez da nahiko guztion agurra eta irrifarra haiei helarazteko.

Nahiz eta Estatuek Irati Tobar atxilo eraman eta herri honetan pizten ari den ilusioa blokeatu eta usteldu dadin saiakera amaigabeak eta lotsagarriak martxan ipini dituzten, berri onak gehiago izan dira. Eskubide politikoak eta zibilak zapuzten jarraitzeko, SORTU ez legalizatzeko hartu berri duten erabaki antzuak ez du estali dagoeneko abian dagoen denbora eta kemen berria.

Bilbon kaleak berriro bete dira eta atzo bertan, herri honetako ezkerreko independentistek eskaini duten topagune berriak pozarako beta dakar. BILDU EUSKAL HERRIA aurkeztu dute eta herritar askoren baitan gogo berritua piztu da. Dagoen gehiengo politiko eta soziala ikustarazteko aukera paregabe izan daiteke. Lubakiaren lehenengo lerroa herritarrez betetzeko ordua heldu da.

Apurka apurka, ezkerreko independentistok txirimiri suabe eta etengabearekin gure etorkizunaren lurra bustitzen ari gara. Atzoko Esaera Zaharren Txapelketan, "Lur bigunean, zulo handia" izan zen asmatu beharreko atsotitzetariko bat. Bere esanahiak gaurkotasun osoa du. Guztiok busti eta prestatu behar dugu egungo lurra politikoa zain dugun etorkizunera heltzeko. Geroa gure zain dago eta eskuratzeko jorratu behar dugun bidean sakondu behar dugu.

Aste honetan urratsak eman ditugu. Horrela jarraitu behar dugu, bustitzen eta bustitzen, jorratu nahi dugun bidean, etengabe eta atzera bueltarik gabe urrats gehiago ematen. Independentziaren eta sozialismoaren erdigunera heldu arte. Asko gara, busti gaitezen! bildu gaitezen!

 

Bisitak: 2013
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu