Sasi eta azunen aldeko apologia erraza

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Igandea, 27 Otsaila 2011 Argitaratua: Igandea, 27 Otsaila 2011
View Comments

Testamentu zaharrean pekatuaren sinboloa sagarra bazen, euskaldunentzat pekatu latz eta larrienetariko bat zena, alperkeria,  naturaren irudi bitan gauzatu zen: sasi eta asunetan.

“Etxe aurrean asune,
etxe ostean baltzune
etxe honetako etxekoandreak
oilalokean zentzune”

Kopla zaharretako aipamen hauek nabarmen konplikatu zuten landare koitadu hauen bizimodua.   Zein etxeko usandre, zein etxeko andrezabalak, jasango zituen holako kopla mingarri eta lotsagarriak! Beraz, landare hauek errotik atera eta solo edo bide bazterretara jaurtiak izan ziran. (Edo alperren etxeetara).

Ordudanik nahiko konforme lotu ziran landare hauek euren madarikazio eta marjinaltasunean. Ze erremedio!

Ah, baina etxekoren bat, inongo medikurik sendatu ezin zezakeen erreumaz jota zegoenean, ah! orduan bai, isil-isilik asunen bila bide bazterretara. (Edo alperren etxera).

Hala ere luzaro asunek eta sasiek bide bazterrak alaitu zituzten. (Eta alperren etxeak).
Zozoarentzat eta eguzkipean paseoan zebilenarentzat, gozoago zen sasietako masusta, edozein Eroskitan erositako inportazioko sasi-fruta baino.

Sasietako erregeak, epetxak, sasitzaren bihotzean zeukan bere etxea. Egun batean, bere gordelekutik, morroi arrotz bat ikusi zuen aldamenean. Kafkaren liburu batetik irtendako sasi-agrimensorea zen. 
K sasi-agrimensoreak planoak egin, kaleak irudikatu, eta errepideak marratu zituen.

Handik gutxira ISO arauak betetzen zituzten farola ederrak jarri ziran hiritarren gozamenerako. Kaleak eta errepideak zabaldu ziran eta ordudanik kopla berrietan ez da gehiago asunik ezta sasirik aipatzen.

Bisitak: 2000

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu