Historiako protagonistak …

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Igandea, 20 Otsaila 2011 Argitaratua: Igandea, 20 Otsaila 2011

Gure Euskal Herri txiki honetatik, argi ikusten dugu historia boteretsuek idazten dutela. Are gehiago, gizonek, gizonen inguruan, idatzitako historia dela ikasi izan duguna beti, pertsonaia historiko esanguratsuenak gizonak izan direla barneratuz.

Baina historiako pasarte ezezagunetan murgiltzekotan emakume nabarmenen irudiak topatu eta deskubrituko genituzke. Eta adibide gisa, Behe Erdi Aroan barruratzera noa, hirien sorreraren garaian, non gizarte feudalaren estrukturan berrikuntzak ematen hasi  ziren merkataritza eta burgesiaren agerpenaren ondorioz.

Garai hartan aparteko emakume idazle bat bizi izan zen Frantzia aldean. Cristine de Pizan zuen izena eta jaiotzez italiarra izan arren Frantziako gortean eman zuen bere bizitza osoa bere aita Valoiseko Carlos V.aren medikua eta astrologoa izan baitzen. Hamabost urterekin gorteko idazkari batekin ezkondu egin zen, eta hamar urte beranduago, izurriteen ondorioz, alargun gelditu zenean idazteari ekin zion. Idazlea izatea erabaki zuen eta bere idatzietatik bizitzea lortu zuen gainera. Bere helburua garaiko testu misoginoen kontra borrokatzea izan zen beti eta 1405. urtean ' Emakumeen hiria' deituriko lan arrakastatsua idatzi zuen. Lan honetan emakumeen egoera eta eskubideen inguruan hausnartzearekin batera, hiri erdu bat eraiki zuen non andre guztiak babestuak eta aintzat hartuak izango ziren. Oso galdera aurreratuak planteatu zituen  XV. mendeko gizarte hartan eta berdintasunezko eredu bat lortzeko, hezkidetzan oinarritutako hezkuntza ezartzea beharrezkoa zela sinestu zuen.

Mendeak aurrera joan ahala, eta  XIX. mendeaz geroztik emandako borroka sutsu eta anitzen ondorioz, hezkuntza arloa adibidez konkistatu dugu; irakasle gehienak emakumezkoak dira eta baita unibertsitateko ikasle gehienak ere. Cristina de Pizanek ez zuen ezta bere ametsik perfektuenean ere horrelako errealitate bat imajinatuko.
 
Baina, pertsonaia historikoak, artista nagusienak, politikari eraginkorrenak, idazle famatuenak, komediante barregarrienak eta gizarteko ereduak orokorrean gizonezkoak izaten jarraitzen dute. Mundu patriarkal batetan bizitzen jarraitzen dugu, eta erdi aroan bezalaxe, andrazkoak isilak eta diskretuak izaten jarraitu behar dutela dirudi.

Horregatik eta Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berri honetan, emakumeen lidergoa ezinbestekoa dela uste dut. Euskal Herriak emakumeen ikuskera behar du herriko jai batzordeetan, gazte asanbladetan, kultur elkarteetan, eta edozein herri mugimendu partehartzailean. Horixe izan behar baita gure lan esparrua, irabazteko daukagun esparrua, irabazteko daukagun Euskal emakume eta gizonen Herria. Era aktiboan, entzuten badakigula erakutsi dugulako jada, eta orain deiadar egiteko unea heldu zaigu emakume guztioi.

Bisitak: 2160
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu