Sopelaz harro

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Igandea, 06 Otsaila 2011 Argitaratua: Igandea, 06 Otsaila 2011
View Comments

Harro egoteko arrazoi franko ditugu sopeloztarrok, herri bizi, arduratsu  eta duina dugulako. Bere jarrera solidarioa eta antiautoritarioa aspalditik eta askotan agerian utzi duen arren, azken aldian izan da gertaera soka bat  azpimarratzea merezi duena.

Egun gutxi dira urte batean hirugarren greba orokorra egin dela eta aurrekoetan bezala, Sopelan oso jarraipen handia izan du. Lan merkatua aberatsenen zerbitzura jarri nahi dutenen gezurren  gainetik, pentsio sistema  publikoa izorratu nahi dutenen aurrean, hedabideen manipulazioen gainetik, polizien eta enpresarien mehatxuei itzuri eginez, inoiz ezer egiteko arrazoirik ikusten ez dutenak eta besteen kemenaz profitatzen direnak nabarmen utziz, gure herriko gehiengo batek neurriko erantzuna ematen jakin izan du, jokoan dagoena gure presentea ezezik, gure seme-alaben etorkizuna ere badelako.

Lehenagotik dator, ordea, gure herrian bizi den gatazkarekiko erantzukizuna. Azken hileotan ekimen asko egin dira Sopelan, gatazka hori gainditzeko zabaldu nahi den ziklo berria bultzatzeko. Eta sopeloztarron erantzuna oraingoan ere eredugarria izan dela esan beharra dago, manipulazio interesatuei kasu egin gabe, aukera berriei babesa ematea erabaki baitute.

Gernikako Akordioaren itzalean, herri honek behar dituen gutxiengo demokratikoak lortzeko borondate argia azaldu da. Izan ere, Sopelako bost alderdik (EA, Ezker Abertzalea, Alternatiba, Berdeak eta Aralar), LAB sindikatuak eta beste hamaika talde sozial eta kulturalek beren atxekimendua eman diote Gernikako Akordioari eta horrekin batera dinamika oso bat abian jarri dute akordioaren edukiak lantzeko. Eta lanketa horren froga ditugu militante politikoen atxiloketen kontrako mobilizazioak, presoen eskubideen aldekoak, adierazpen politiko guztien legalizazioaren aldekoak, akordioaren beraren buzoneaketa, Akordioaren aurkezpen jendetsua Kurtzion edo udalbatzan aurkeztutako mozioari lortutako babesa.

Sopela erakusten ari da egoera berriaren atarian ikusle baino protagonista izan nahiago duela. Sopelan Gernikako Akordioaren inguruan bildu direnak erakusten ari dira posiblea dela elkarrekin aritzea herriaren mesedetan alderdikerien  gainetik, baita Sopelako gehiengo politiko eta soziala eszenatoki demokratikoaren alde dagoela.

Hurrengo hilabeteetan akordioan azaltzen diren gutxiengo demokratikoak lortzeko lan eskerga egin beharko da. Nik zalantzarik ez dut Sopelak neurria emango duela, orain arte bezala.

Bejondeizula Sopela!

Bisitak: 1753
0
0
0
s2smodern
powered by social2s
0
0
0
s2smodern
powered by social2s

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu