Munstro bat jarri digute mendian

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Azteazkena, 30 Azaroa 2016 Argitaratua: Azteazkena, 30 Azaroa 2016
View Comments

Horrela, egun batetik bestera, bat-batean, munstro bat arri digute mendian. Grisa, iluna, hotza. Beldurgarria. Ipuinetako munstroak baino askoz beldurgarriagoa. Porlana, lurraren ordez. Ustezko garapena, naturaren ordez. Mendia desagertu da, eta munstroa daukagu orain. Ondo etorri, Berangoko, Uribe Kostako, Megapark. Herria zurea da. Egin gurekin nahi duzuna.

Eta gu munstroari so, amorruz. Haserre, triste, sutan. Eta munstroa guri so, harrotasunez, irmo, gure aurpegira barrez. Eta gu harri bat, hiru, zazpi harri, botatzeko gogoz. Baina munstroa, lasai: "Zuen harriak kili-kiliak baino ez dira niretzat". Eta gu, are beroago, munstroari su emateko gogoz. Munstroa oraindino, lasai: "Alferrik ari zarete, ez naiz hemendik mugituko".

Ez ei dago modurik munstroa botatzeko. Jarrita dago jada. Gurean bizi da. Eta mendia, txikituta. Eta gu, umiliatuta. Lur jota. Eta munstroa gero eta handiago. Gero eta harroago. "Guk ez dugu munstroa zapalduko", diogu serio. Boikota egingo diogu. "Etorriko zarete", diosku munstroak, seguru. "Merkeagoa naiz, erosoagoa, erakargarriagoa", diño konfiantzaz. "Are gehiago, curriculumak botatzera ere etorriko zarete", barre-algaraka.

Baina munstroak ez dira kasualidadez agertu. Erakarri dituzte. Ekarri dizkigute. Munstro batzuen diru-goseak itsututa. PNVren politikak bultzatuta. Eta uzten badiegu, munstroz josiko digute eskualdea, gu denok irentsi arte.

Antola gaitezen munstroaren kontra. Jarrita egongo da mendian, bai. Ia ezinezkoa izango da hura gelditzea, seguruenik. Baina munstroa borrokatzen dugun bitartean ez gara munstro bihurtuko. Eta oso zaila izango da gu irenstea.

Bisitak: 2208

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu