Etxeko tresna adimenduak

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Osteguna, 03 Azaroa 2016 Argitaratua: Osteguna, 03 Azaroa 2016

 

Orain dela bi aste interneten egondako eraso informatiko larriena gertatu zen, Spotify, Twitter eta PayPal bezalako enpresa famatuen zerbitzua geldiaraziz. Gertakari hau DDoS (Distributed Denial of Service) eraso baten ondorioa izan zen. Gai teknikoetan sartu gabe, zerbitzariaren gain egindako eskaera kopuru handiaren ondorioz, honek pairatutako etenaldian datza zerbitzu ukapenaren erasoa. 

Analistek esan dutenaren arabera,  Internetera konektatuta dauden etxeko tresna infektatuak izan dira eraso honen errudun. Honek galdera sorta ederra dakarkit burura: seguruak ahal dira gure etxeko tresnak? Zer jakin dezakete teknologi enpresa famatuek gure bizitzaz? zentzurik ahal du, horrelako tresnarik edukitzea?

Oso urrun sumatzen ditugu zientzia fikziozko pelikuletan ikusitako etxe demotiko eta inteligente horiek, baina nahiz eta puntu horretaraino ez iritsi, jada Internetera konektatutako tresna ugari ezagutzen ditugu:telebistak, erlojuak, kotxeak... Azken hauekin bereziki segurtasun arazo larriak sortzen ari dira, erraz hackeatu eta kotxearen kontrola lortu daitekeelako, bidaiarien segurtasuna arriskuan jarriz. Gaur egun, mota honetako tresna gehienak segurtasun ahultasun larriak dituzte, pertsonen osasuna ere kaltetu dezaketenak.

Ez hori bakarrik, tresna horiekin edukitako elkarrekintzetan informazio asko sortu, lortu eta bidaltzen da, tresna horien kudeatzaileak diren enpresen zerbitzarietara. Mota ezberdineko informazioa monitorizatu egiten da baliabide hauen bitartez, adibiderako, kokapen geografikoa, bihotz taupadak, interneten egindako bilaketak eta abar luzea. Askotan gure onerako egindako prozesu bat dala diote, gure esperientzia erosoagoa bihurtzeko asmoarekin. Argi dagoena da, informazio hori gure kontsumo eta bizimodua ezagutzeko erabiliak izango direla eta horri esker, interes ekonomikoak lortuko dituztela.

Beraz, zentzurik ahal du, horrelako tresnarik erostea? Beharrezkoak dira? Orduan, jendeak zergatik jarraitzen du produktu hauek kontsumitzen? Behar bada gaur egungo kontsumo ereduagatik. Erosotasuna saldu nahi digute, botoi bat sakatuz gure bizitza osoa kudeatzeko gai diren tresnak eskainiz. Gainera, askotan erosotasun maila egoera ulertezin bateraino heltzen da, hozkailuen kasuan bezala, erosketak noiz egin behar dituzun abisatzean, hori jakiteko hozkailua irekitzearekin nahikoa denean. Berdin gertatzen da wifi estaldurarekin. Oxigenoa baino garrantzitsuagoa dirudien wifi estaldura mantentzea ahalbidetzen duten kotxeak badaude, segurtasun ahultasunez beteak.

Azken finean kontsumo eredua eta merkatuak dira produkzioaren agintari eta interes ekonomikoak, horien erregai. Kontsumitzailearen interesak bigarren plano batean geratzen dira, nahita gainera, badakitelako oso goiz dala gailu horien segurtasuna bermatzeko, ikuspuntu tekniko batetik begira. Baina produktu hauen diru iturri nagusiena, egunero egiten dituzten informazio jasotzeak dira, datu horiek tratatu eta beraien negozio estrategiaren barnean txertatzen dituzte. Egia da erosotasuna eskaintzen digutela, baina zein da, guk erabiltzaileok, ordaindu beharreko kaltea?

 

 

 

 

Bisitak: 2115

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu