Ekonomia arloko Nobel saria

Kategoria gurasoa: Zuk esan Kategoria: Aste on Noiz sortua: Azteazkena, 09 Azaroa 2011 Argitaratua: Azteazkena, 09 Azaroa 2011

Ez dakit ezer ekonomiaz, eta puri-purian dauden zenbait kontzeptu: “prima de riesgo”, “hipotecas subprime”, “agencias de calificación”, “euro-bonoak” … ezezagunak nituen orain dela oso gutxi arte. Gaur egun, oraindik ere, ez dakit oso ondo zer esan nahi duten; hala eta guztiz, badakit, ondo jakin ere, gure eguneroko bizi baldintzak eta bizi kalitatea murrizten ari direla kontzeptu zatar horien aitzakiapean.

Krisia langileok ordaintzen ari gara: langabezia, soldaten izozketa, zerbitzu publikoen murrizketa, erretiroa hartzeko adina… eta hau guztia gutxi balitz, telebista kate guztietan, irrati saioetan, egunkarietan etengabe agertzen diren jakintsuak eta teknikoak entzun behar izateak sumintzen nau, “malahostian” jartzen nau. Krisiak gure egunerokotasunean sortu duen zaurian gatza botatzen dute haien “analisiekin”.

Jakintsu hauek, sasi jakintsuek, krisitik irteteko neurri paregabeak azaltzen dituzte lotsa izpirik gabe: “lan erreforma egin behar da” diote. Alegia, enpresariei hobariak eta erraztasunak langileen kontratuak eteteko edozein unetan indemnizaziorik gabe.

Tertuliano orojakile horiek “soldatak produktibitatearen arabera finkatu behar direla” aholkatzen dute. Alegia, soldatak izoztu edo murriztu enpresa gaizki badoa. Bitxia bada ere, ez dute esaten soldata igotzeko BBVA, Santander, Telefonika, Repsol, Sacir, Inditex, Iberdrola enpresetan deklaratzen diren benefizioen arabera. Horretarako badaude nagusiei emandako “bonus”ak.

Ekonomista txit agurgarri horiek “estado del bienestar” berraztertu behar dela eta “kopago” ezarri behar dela aholkatzen dute. Alegia, zerbitzu publikoak murriztu eta pribatizatu, erretiroa atzeratu eta oihanaren legea ezarri: indartsuenak, ahaltsuenak, dirua duenak ordain ditzan zerbitzuak eta besteak hor konpon.

Sumintzen naute aho betez hitz egiten dutelako, pontifikatzen dutelako, eta besteok tontotzat hartzen gaituztelako. Zergatik sinistu behar diegu? Zergatik dute arrazoia? Non egon da jendilaje “azkar” hau orain arte? Krisiaren irteera erakutsi nahi digute… zergatik ez zuten aurreikusi krisian sartuko ginela? Inork ez die erantzukizunik eskatu behar.

Guk kaletar xumeok, ez genekien zer ziren “hipotecas subprime” baina bagenekien bankuak lapurtzen ari zirela eta gure etorkizunarekin jolasten ari zirela ematen zituzten 50 urtera begirako hipotekekin… baina hori “libertad de mercado” omen zen.

Guk soldata pekook ez genekien zer ziren “euro-bonoak” baina bagenekien bizia izugarri garestitu zela, 100 pezeta euro bat bihurtu zelako gauetik goizera. “Los mercados se autorregulan” erantzuten ziguten.

Guk langabetuok ez genekien zer ziren “prima de riesgo” baina bagenekien arriskutsua zela oso, gure lurraldea “basamortu industriala” bihurtzea. Haiek “una sociedad de servicios” deitzen zioten horri.

Guk lagunen arteko elkarrizketetan ez genuen “la crisis del ladrillo” eta “el estallido de la burbuja inmobiliaria” kontzeptuak erabiltzen, baina urteak eman ditugu esanez etxeak non-nahi eraikitzen ari zirela eta etxeen prezioak ez zeukala inolako logikorik. “Demanda” esaten zuten.

Guk lagunekin tabernan, baso erdi edo kafe bat hartzen genuen bitartean, ez genekien zer ziren “agencias de calificación” baina oso ondo kalifikatzen genuen ingururatzen gintuen sistema ekonomikoa: espekulazioa. Haiek G-20 eta G-8n egoteagatik harro agertzen ziren.

Guk “betikook” azpiegitura erraldoi askoren kontra protestatzen genuen, ez zela beharrezkoa hainbeste aireportu, abiadura handiko tren, autopista, luxuzko etxebizitzak… eta “terroristak” esaten ziguten.

Ez dudala ezer ulertzen ekonomiaz esan dut, baina Ekonomia arloko Nobel saria eskatzen dut herritar gehienentzat, alde batetik, soldata murriztuta edo soldatarik gabe egunekoari aurre egiten diotelako, eta bestetik, sasijakintsu horiek, ke saltzaile horiek, orain egiten dituzten krisiaren zergatiari buruzko analisiak, guztiok egiten genituelako aspaldian hitz xumeak erabiliz.

Bisitak: 2297
0
0
0
s2smodern

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu